XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pompidou Xinan

Astelehen huntan Xinarat joaiteko airekoa hartu du Pompidou jaun presidentak.

Ongi etorri beroena apailatua zakoten Xinatarrek frantses Presidentari.

Duela zonbait urte, de Gaulle jenerala hasi zen Xinari buruz behar zela itzuli Frantziaren politika, onartzen zuela Frantziaren izenean Pekin-en jarria zen komunixt gobernua, harat igortzen zituela bere mezulari frantses politikero zonbait.

Etzuen berak bete ahal izan gogoan zuen asmua, bera harat joaitea bisitaz.

Haren ondokoak du konplituko piaia hori, de Gaulle jeneralak hasi politikaren segida hartua duen Presidentak.

Pompidou jauna baino lehenago Xinan izana da Nixon amerikano presidenta. Ez da beraz bisita hori egundaino ikusi ez den hetarik.

Bizkitartean, Europano buruzagien artean, bederen mendebal aldekoetan, lehen izanen da Pekin-en Pompidou jauna.

Berekin harat eremana du de Lipkowiski arrotz herriekilako minixtro ordea, eta Copenhague-n egin den Europako minixtroen bilkura bururatu bezain laster, heieri juntatuko da Jobert frantses minixtroa.

Ez da dudarik arras parada onean, bederen Xinaren partetik, Pekin-erat heldu dela Pompidou jauna.

Kulturaren erreboluzionea bururatua komunixt alderdiaren bilkurak gobernuaren etsaiak bortizki kondenatuak, bai segur gauzak haxean eta bazterrak jabal kausituko ditu Xinan Pompidou jaunak.

Zer erranen duten

Munduko politikaren harat-hunatak dituzte aipatuko Pekin-en Pompidou presidentak, eta Xinako buruzagiek, eta bereziki munduko bi herri haundienek deramaten politika.

Ez da dudarik gogo bereko izanen direla eta akort erraiteko ez dela on bakearentzat Rusiak eta Amerikak beren meneko atxik ditzazten munduko bertze herri guziak.

Berrikitan Brejnev eta Nixon-ek Ameriketan egin duten bilkura famatu hura etzuten batere gostukoa Xinako buruzagiek.

Eta ez balinbazen klarki haren kontra agertu edo altxatu Pompidou presidenta, etzuen ere halako haro haundirik hedatu Frantzian gure gobernuak Kaliforniako bi jaun haundi horien elgarretaratze hortaz, arras izarizko bozkario horrek gaitzitu bezala baitzuen funtsean Brejnev rusoa.

Xinako gobernuarentzat ele huts batzu ziren Brejnev eta Nixon-en arteko mintzaldiak eta paperezko piltzar bat bi buruzagiek arma atomikoaz sinatu akordioa.

Bertzetan zer dioten

Ez da dudarik poxi bat hoztu bezala zirela Xina eta Amerika Brejnev-ek Ameriketan egin zuen itzuliaren ondotik.

Amerikanoek kontuzkoa daukate segur Pompidou jaunaren piaia, bainan ere nekez dute gordetzen nardatuak direla, beldurrez eta Nixon-ek egin lanaz balia dadin frantses Presidenta.

Frantzia berean komunixtak ditugu arras asaldatuak, Pompidou presidentaren itzuli hori gaitz bide baititake Frantziarentzat eta Europarentzat.

Alabainan gerla dakote omen xerkatzen Rusiari Xinako buruzagiek, eta beldur dira heien herrak kotsa dezan Frantses Presidenta.

Horiek hola, bakea eta adixkidantza ditu nahi Rusiarekin frantses gobernuak.

Bainan politika horrek ez dia ote gordetzen beldur bat, Rusiak eta herri horrek Europaren mugetan indar gaitzak Frantziari, bertze frango erresumeri bezala, egiten dakon beldurra? Ez da dudarik pundu hortan errexki elgar adituko dutela Frantziak eta Xinak.

Xilen Salvador Allende hil

Allende zuten Xilen legez gobernurat heldu lehendakari ezkertiarra.

Hiru urteren buruan, gauzak ez hobeki joanez armada jazarri zaio eta etxea inguratu.

Presidenta hila hatxeman dute han laster; manera guzien arabera bere burua hil du, kontrarioen eskuetarat ez erortzeko.

Izanen da aintzina ere Xilen jos-ahala urratu.

Eskuintiar eta ezkertiar eztremixtak zituen kontra: ez dituzte bada hek ere gauzak zuzentasun baketsu batean hola ezarriko.

Arger-ko bilkuran ele frango

Igande aratsean bururatu da, bortz egun iraun ondoan, Alger hirian egin den bilkura haundia.

Han ziren beraz bilduak beren gain eta bertze herrien meneko ez diren herriak.

Xede zonbait onartu dituzte politikaren eta ekonomiaren zeretaz bereziki, deliberatu ere elgar ikusiko dutela berriz 1976-an Colombo hirian.

Izan da mintzaldi eta palabra frango bilkura hortan, aditu ere izan da soinu mota guzietarik, ez baitira alabainan herri horietako gobernuak denak alderdi eta kolore berekoak.

Hego Ameriketako herri gizon zonbaiten partetik bereak entzun ditu Fidel Castro Cubako Presidentak.

Kadhafi Libyako Presidentaren mintzaldia dute denek ixiltasun haundienean entzun.

Jaun hunen arabera ez dute Algeren ziren herri guziek merezi han aurkitzea, guti baita ororen buruan herri esteka gabekorik, gehienak, oro guti edo aski, gisa batez edo bertzez, Rusiari edo Amerikari baitira lotuak.

Zaire-ko Presidentak ez du gorde etzakola batere gisa Amerikaren beltzatzea Rusia bekatu guzietarik xuri atxikiz.

Fidel Castrok aldiz ez du onartzen hein berean ezar ditzazten Rusiaren adixkideak eta Amerikaren esklabo direnak.

Noren alde

Alger-ko bilkura hortan agertu da bereziki han zirenen griña lehena zela jakitea nolako politika behar zen egin Rusiari buruz.

Arras berexiak zirela pundu hortan, hori gauza segura.

Bizkitartean, eta ororen buruan ez dira elgarren artean sobera makurtu esteka gabeko herriak.

Nahi izan dute erakutsi gogo bereko zirela denak eta bilkura bururatzean, ikusi dira Fidel Castro eta Kadhafi, hain bortizki hitzkatuak ziren bi jaunak, elgar besarkatzen Cuba-ko Presidentak ziola Libyakoari hunen solasek zutela konbertitu, eta erakusteko egia ziola zinez, Izraelekin hautsi ditu ordu artio zituen lokarriak eta bere enbexadorea etxerat du deitu.

Bilkura hortaz ez dakite zer pentsa herri gizonek.

Nekez erran ditake osoki huts egin duela, nekeago beharbada funtsezko ondorio zerbait ukan duela.

Herri horiek oro akort dira erraiteko kalte guziak heldu zaizkotela kolonializmo, imperializmo eta kapitalizmoaren ganik.

Bainan ez dira batere gogo bereko behar delarik izendatu gaitz horien iturri den herria.